XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ETBren Euskaraokea Algortara iritsiko urriaren 1ean

Datorren urriaren 1ean Getxoko Ikastetxeetako haurrek ETBko lehen katearen EUSKARAOKEA saioaren grabaketan hartuko dute parte.

Saio hau 1996an jaio zen Euskal Telebistaren eskutik eta dagoeneko oso ezaguna da batez ere Euskadiko umeen artean 80 bat herritako bi mila ume inguru igaro baitira bertatik.

Umeak beraiek dira saioko protagonista nagusiak euskeraz kanta eta dantzatzeko aukera baitute eskenatoki gainean.

Eta ikasturte berriaren hasieran Getxokoei egokituko zaie oraingoan hortaz programa honetan parte hartzeko aukera.

Proiektu hau 12 urte inguruko neska-mutikoen artean euskal giro eskeintza bat sortzeko helburuagaz jaio zen, Edorta Barrutabeña Euskaraokeko zuzendari-laguntzaileak aipatu digunez.

Bere esanetan euskaraokea sortu zan ikusita badagoela adin bat umeak eskolan euskaragaz fideltasun bat gordelzen dutela-eta, adin batetik aurrera hasten direla kaleko giroaren bila eta kanpoko-musikak entzuten, euskaratik apur bat urruntzen.

Neska-mutiko hoiei gustatzen zaizkien musikak entzun eta kantatu ahal izateko eskeintza moduan sortu zen Euskaraokearen proiektua.

Grabaketa Zabala eskoletan 56 bat haurrekin

Euskaraokearen grabaketa, aipatu bezela, urriaren 1ean, egingo da Algortako Zabala Eskoletan.

Saioa funtsez, karaoke arruntaren sistema erabiliz ekoizten da.

Grabaketak hiru bat ordu irauten du, arratsaldez egiten da, baina aldez aurretik hautaketa eta prestaketa prozesu bat eman behar da.

Herriko ikastetxe guztiak gonbidatuta daude.

Egun batzuk lehenago materiala (kantak) banatzen zaie eta eskola bakoitzak, bere sistemaren arabera, aukeratzen ditu umeak.

Ondoren Euskaraokearen arduradunek aholku batzuk ematen dizkiete hautatuei grabaketa ondo atera dadin.

56 haur inguru izango dira azkenik hautatuak grabaketa egiteko.

Ondoren ETB 1ek urriaren 5tik 10ra bitartean, aste oso batez, eskeiniko du ordu erdiko iraupena duen saioa, arratsaldeko ordutegian.

Astelehenetik ostegunera, egun bakoitzean neska-mutiko desberdinak igoko dira eskenatokira puntuaketarik altuena lortzeko asmoz.

Osteguna bitartean puntuaketarik altuena jaso dutenak ostiraleko finalean izango dira.

Larunbatean azkenik, egun guztiei buruzko bilduma antzeko bat eskeiniko da.